XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) pozik egoteko arrazoi nagusi bat baneukan: egun hartan bertan itzuliko zen astebete kanpoan egin ondoren.

Zerbaitek esaten zidan ordea, ez zela agindu bezala itzuliko.

Egia guztia esaten hasita, min hartuta aurkituko zutela pentsatu nuen iluntzen hasi eta oraindik agertu ez zenean.

Ez nion behin bakarrik esan egunen batean zerbait gertatuko zitzaiola.

Berak ez zidan uzten horri buruz hitz egiten, baina nik askotan pentsatzen nuen.

Berandu oheratu nintzen, eta akordatzen naiz, ordu luzeak egin nituela loak hartu ezinik, eta neure buruari behin baino gehiagotan esan niola ere bai, ezinduta ikustea baino nahiago nuela hilda ikustea.

Migelek ez zuen etsiko ibili gabe.

Hil zitekeela ere askotan pentsatu nuen.

Egun hartan, akaso, ez hain garbi, baina, aurrez, behin baino gehiagotan.

Gai hura ere debekatuta zegoen gure artean, eta orain, pentsatzen hasita, aurkitu duten honetan, ez dakit berak ez ote zuen nahiago izango mendian betiko geratzea, kanposantuko zulo triste horretan baino.

Orain nik agintzen dut ordea, eta nik hemen egotea nahi dut.

Nahikoa denbora egin du mendian.

Badu etxeratzeko ordua, eta nik ere bere ondoan bukatu nahi dut, bukatzeko ordua iristen zaidanean.